Artikulu hau landareari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gari (argipena)».

Garia (Triticum spp.),[1] ogi (Ipar.) izenaz ere ezaguna, landare loredun graminea belarkara da. Mundu mailan gehien ekoizten diren hiru ale nagusien artean dago artoarekin eta arrozarekin batera.[2]

Gari
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaPoales
FamiliaPoaceae
Generoa Triticum
Espezieak
Datu orokorrak
Gaixotasunawheat allergy (en) Itzuli eta gluten-related disorder (en) Itzuli

Ekialde Hurbilean etxekotu zen duela milaka urte, eta mundu osoan hazten da egun. Gehien ekoizten diren zerealetako bat da, artoarekin eta arrozarekin batera, eta haren aleak gizakiarentzat funtsezko elikagaietako dira, bereziki ogiaren osagai nagusi moduan, baina baita opilak, gozopilak, pasta, fideoak, kuskusa eta antzekoak egiteko ere. Horretaz gainera, garia hartzituta, garagardoa, alkohola, vodka edariak, besteak beste, eta bioerregaiak ere egin daitezke. Garia aziendentzako janari gisa ere landatzen da, eta gari landarearen lastoa abereak bazkatzeko nahiz eraikinen teilatuak egiteko erabil daiteke.

Gariak proteina kopuru handia du, baina baina haren proteina batek, glutenak alegia, erantzun immunologiko desegokia eragiten du pertsona zenbaitengan. Gaixotasun horri zeliakia deritzo.[3]

Historia

aldatu

Jatorria

aldatu

Gariaren jatorria Mesopotamian dago. Aurkikuntza arkeologiko zaharrenek Sirian, Jordanian, Turkian, Palestinan eta Iraken kokatzen dute. Duela 8.000 urte baino gehiago jatorrizko gari basatiak mutazio edo hibridazio bat izan zuen eta landare tetraploidea sortu zen, hazi handiagoak zituena eta ondorioz haizeak barreiatu ezin zuena. Gaur egungo Irak iparraldean dagoen Jarmo eremu arkeologikoan K.a. 6700. urteko buztin egosian[4] almidoi gariaren (Triticum dicoccoides) aleak aurkitu dira.[5]

Gizakia garia landatzen hasi zenean, nekazaritza iraultza izugarria sortu zen Ilgora Emankorra deritzon eremuan, Ekialde Hurbilean; izan ere elikaduran ehizakia nagusi izatetik zekale kopuru handia hartzera pasa baitzen populazioa. Elikadura aldaketa hura oso agudo gertatu zen, baina gure genomak ez du aldaketa nabarmenik izan azken 10.000 urteetan.

Gari labore orokortuak ekarri zuen, halaber, populazioak toki batean asentatzea, eta, garai bertsuan, ardiak edo ahuntzak etxekotu ziren. Giza komunitateak eratu ziren, gero eta konplexutasun maila handiagokoak; Sumer eskualdean idazketa asmatu zuten eta, horrekin, historiaurrea amaitu eta historia hasi zen.

 
Ilgora Emankorrean du jatorria gari landareak.

Antzinako Inperioak

aldatu

Ekialde Hurbiletik Greziara, Ziprera eta Indiara hedatu zen gariaren landaketa K.a. 6500 urtearen inguruan. Ogiaren eta nekazaritzaren jainkosa greziarra Demeter zen, «ama jainkosa» esan nahi du. Pixka bat beranduago Antzinako Egiptora iritsi zen, K.a. 6000 inguruan eta Nilo ibaiaren ertzetan landatzeari ekin zioten. Egiptoarrak izan ziren ogia kopuru industrialetan ekoizten aurrenak[6]. Ondoren Erromara pasa zen. Inperioan zabalduz joan zen eta gaur egungo Alemanian eta Iberiar penintsulan K.a. 5000 urtearen inguruan azaldu zen[7]. Erromatarren mitologian Zeres zen gariaren eta nekazaritzaren jainkosa, hortik dator «zereal» izena.

Erromatarrek herritar behartsuenen elikadura bermatu zuten garia prezio apaletan ezarriz eta gari alearen ehotzea eta ogiaren ekoizpena erregulatuz. Edukiera handiko labeak erabiltzen zituzten ogia egiteko, elkarlanean. Gariaren eta ogiaren kontsumoa hainbestekoa zen ezen Bibliak berak ere garrantzia handia ematen baitio; 40 aldiz agertzen da «gari» hitza, 264 aldiz «ogia» eta 17 aldiz «ogiak». Ogia aipatzen denean gariz egindakoa edo garagarrez egindakoa izan liteke.

Aro modernoa

aldatu
 
Garia batzen, XIV. mendeko marrazkia.

Espainiar kolonizatzaileek eraman zuten garia Ameriketara. Hernán Cortés konkistatzailearen esklabo batek hiru gari ale aurkitu zituen arroz poltsa batean eta, ondo gorde ondoren, 1529an landatu zituen.

XVII. mendean garia Europa osoan ereiten zen, iparraldean oloa eta garagarra nagusitzen bazen ere. Haize errotak agertu ziren baina ez zen bestelako nekazaritza berrikuntzarik izan. XVIII. mendean makinak asmatu ziren eta honi esker irinaren ekoizpena nabarmen handitu zen.

XIX. mendean lurrun bidezko errota asmatu zen, aleak ehotzeko burdinazko zilindroak erabiltzen zituena, eta ehotzeko teknikatan iraultza nabarmena ekarri zuen. Teknika berriekin gariaren landaketa handituz joan zen eta Ipar Amerikara eta Ozeaniara zabaldu zen.

XX. mendea

aldatu

XX. mendean izandako Mundu Gerra bien ondoren beharrezkoa ikusi zen nekazaritza ekoizpena handitzea gero eta populazio handiagoaren elikadura beharrak ase ahal izateko.[8] «Iraultza berdea» izena eman zitzaion, baina arrakasta handia izan bazuen ere, gariaren kalitatean ez zen hobekuntzarik izan. Gaur egun erabiltzen diren zekale aldaerak garatu ziren, karbohidrato kopurua igo zutenak baina nutrizio balioa jaitsi zutenak, eta hori gutxi balitz bezala, lekadunen landaketa baztertu arazi zuten.[9]

1941ean Nutrition Society elkartea eratu zen Erresuma Batuan. Gariaren landaketa hobetzeko helburua zuen eta hobetsi ziren aldaerek izurriteei aurre egiteko gaitasuna zuten (gluten portzentai handiagoa zutelako); gainera, ezaugarri biskoelastiko eta itsaskorrei esker orea egiteko egokiagoak ziren. Aldaera haiek arrakasta itzela izan zuten, gaur egun ere 700 milioi tonatik gora ekoizten dira mundu mailan, baina gariaren genetikan aldaketa handia eregin zuen.[8]

Deskribapena

aldatu
 
Gari landarearen atalak.

Landarea

aldatu

Landare belarkara da eta zutoina barnealdea hutsik duen kanabera bat da sei korapilo azaltzen dituena. 0'5 eta 2 metro arteko altuera hartzen du eta adarkadurarik ez du apenas. Hosto luze lantzakarak ditu, leka, ligula eta aurikulak ongi definituak dituztenak. Sustraiak faszikulatuak ditu, adatsa bezala adarkatzen direnak. 25 cm inguruko luzera izan ohi dute baina batzuk bi metrotako sakonerara ere irits daitezke.[10]

Galburua infloreszentzia bat da, ardatz zuzen korapilotsu batean 20-30 burutxo dituena, bakoitza bederatzi loreduna. Lore gehienak ez dira ernaltzen eta glumaz estalita daude.

Haziak kariopsideak dira, obalatuak eta mutur borobilduak dituztenak. Mutur batean ernamuina edo hozia ateratzen da eta beste muturrean ile fin batzuk ditu. Alearen gainerakoari endospermo izena ematen zaio eta haziaren bolumenaren %82a hartzen du. Alea estaltzen duten perikarpioak eta testak gariaren zahia osatzen dute.

Gari aleak gluten izeneko proteina bat du, ogia egiten laguntzen duena. Gaur egungo garien proteina guztien % 85-90 hartzen du glutenak.

Genetika

aldatu

Gariaren genetika etxekotu diren beste landareen aldean oso konplexua da. Espezie poliploide egonkorra da, kromosoma multzo bi baino gehiago ditu, beraz. Espezie batzuk tetrapolideak dira (lau kromosoma joko), adibidez Triticum durum eta Triticum turgidum, biak ala biak Triticum urartu eta jadanik iraungita dagoen Sitopsis espezieen hibridazioz sortuak.[11] Ogia egiteko erabiltzen den gari arruntak (Triticum aestivum) eta galzuriak (Triticum spelta) duela bi mila urte Triticum turgidum eta Aegilops taushii espezieak hibridatu ondoren sorturiko espezie hexaploide batean dute jatorria.[12]

2010. urtean, Erresuma Batuko zientzialari talde batek Chinese Spring line 42 aldaeretako gariaren genomaren % 95 deskodetu zutela iragarri zuen.[13] 202ko azaroaren 29an, gari arruntaren genoma osoa argitaratu zen: 94.000 eta 96.000 gene artean dituela ikusi zen.[14]

Nutrizioa

aldatu
 
Gari aleak, irina eta produktuak.

Gari alea ehota lortzen den irina erabiltzen da elikagaiak egiteko: ogia, opilak, pasta eta abar. Hartzitu ere egin daiteke eta zenbait edariren gehigarri gisa erabili.

100 gramo garitan eguneroko dietan hartu beharreko kalorien % 20 eskuratzen da. Karbono hidratoez gain ezinbesteko hainbat nutriente ditu gariak, hala nola proteinak, zuntza, bitaminak (niazina bereziki), manganesoa eta fosforoa. Gariak dituen proteinek ez dute nutrizio balio handirik gizakiarentzat, aminoazido esentzial gutxi batzuk baino ez, baina lisinarik ez da ageri glutenean ez eta gainerako gari proteinetan ere. Hori dela eta elikadura lekadunekin osatzea gomendatzen da.

Gariaren osagaiak:

 
Gari irina.
100 gramo garitan
Osagaia Kopurua Eguneko
gomendatuaren %a
Ura 13,1 g
Energia 327 kcal
Karbohidratoak
Azukreak
Zuntza
71,18 g
0,41
12,2
Gantzak 1,54 g
Proteinak 12,61 g
Bitaminak
Tiamina (B1) 0,383 mg % 29
Erriboflabina (B2) 0,115 mg % 8
Niazina (B3) 5,464 mg % 36
Az. Pantotenikoa (B5) 0,954 mg % 19
B6 bitamina 0,3 mg % 23
Azido folikoa (B9) 38 μg % 10
E bitamina 1,01 mg % 7
K bitamina 1'9 mg % 2
Mineralak
Manganesoa 3.985 mg % 199
Potasioa 363 mg % 8
Fosforoa 288 mg % 41
Magnesioa 126 mg % 34
Kaltzioa 29 mg % 3
Burdina 3,19 mg % 26
Zinka 2,65 mg % 27
Sodioa 2 mg % 0
Selenioa 70.7 μg % 157

Ekoizpena

aldatu
 
Gari arrunta (Triticum aestivum)

Gariaren 14 espezie deskribatu dira eta guztira 30.000 aldaera zerrendatu dira. Aldaera horietatik 1.000 baino ez dira kontsumorako ekoizten.[15]

Espezie nagusiak

aldatu

Mundu mailan gehien ekoizten diren gari espezieak hauek dira:

  • Hexaploideak:
    • Gari arrunta (T. aestivum): ogia egiteko erabiltzen den gari espeziea da. Mundu mailan ekoizpen handiena duen espeziea da.
    • Galzuria[16] (T. spelta): kopuru txikian landatzen da. Batzuetan gari arruntaren azpiespezie kontsideratzen da eta orduan T. aestivum ssp. spelta izen zientifikoa ematen zaio.
  • Tetraploideak:
    • Gari gogorra (Triticum durum): ekoizpenari dagokionez bigarren espeziea da.
    • Emmer garia (T. dicoccon): antzina landatzen bazen ere gaur egun oso gutxi.
    • Khorasan garia (T. turgidum ssp. turanicum edo T. turanicum): Iran eta Afganistan artean dagoen Khorasan eskualdearen izena du, han ekoizten baita. Gari arruntaren alearen bikoitza da tamainan eta intxaur usain nabarmena du.
  • Diploideak:

Herrialde ekoizleak

aldatu
 
Gariaren ekoizpena mundu zabalean.

XX. mendean Sobietar Batasuna izan zen gari ekoizle handiena, baina gaur egun Txinak hartu du lehen lekua.

Gariaren ekoizpena 2018. urtean FAO-ren arabera[17]
# Herrialdea Kopurua
(milioi tona)
1   Txinako Errepublika 131,4
2   India 99,7
3   Errusia 72,1
4   AEB 51,3
5   Frantzia 35,8
6   Kanada 31,8
7   Pakistan 25,1
8   Ukraina 24,7
9   Australia 20,9
10   Alemania 20,3
11   Turkia 20,0
12   Argentina 18,5

Izurriteak

aldatu
 
Puccinia triticina onddoa gariaren hostoetan.

Izaki ugarik kaltetu dezakete garia: onddoek, bakterioek, birusek eta intsektuek batez ere. Landarearen atal desberdinetan erasotzen du bakoitzak. Hauek dira izurri multzo nagusiak:

  • Hazi ernatuaren izurriak: onddoak dira, Stagonospora,[18] Tilletia tritici eta Ustilago nuda.
  • Hostoen eta galburuaren izurriak: Puccinia triticina, Zymoseptoria tritici eta Fusarium.
  • Koroaren eta sustraien usteldura: Gaeumannomyces graminis var. tritici eta Cephalosporium.
  • Zutoinaren izurria: Puccinia graminis f. sp. tritici (Ug99).
  • Birusak.

Animaliei dagokienez, lepidopteroen larbak izaten dira garia nabarmen kaltetzen dutenak. Udaberrian hegaztiek eta karraskariek garien kimuak jaten dituzte. Behin garia biltegietan dagoela, kalte handiak eragiten dituzte karraskariek, baita intsektuek ere.[19]

Erreferentziak

aldatu
  1. Belderok, Bob & Hans Mesdag & Dingena A. Donner. (2000) Bread-Making Quality of Wheat. Springer. p.3. ISBN 0-7923-6383-3.
  2. Cendrero, Orestes. (1938). Nociones de historia natural. Paris.
  3. (Ingelesez) Ludvigsson, Jonas F.; Leffler, Daniel A.; Bai, Julio C.; Biagi, Federico; Fasano, Alessio; Green, Peter H. R.; Hadjivassiliou, Marios; Kaukinen, Katri et al.. (2013-01-01). «The Oslo definitions for coeliac disease and related terms» Gut 62 (1): 43–52.  doi:10.1136/gutjnl-2011-301346. ISSN 0017-5749. PMID 22345659. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  4. Ruiz Camacho, Rubén. (1981). Cultivo del Trigo y la Cebada. Bogotá: Temas de Orientación Agropecuaria ISBN 0049-3333..
  5. Technology of Cereals: An introduction for students of food science and agriculture. Oxford: Pergamon Press Ltd ISBN 84-200-0608-4..
  6. Direct quotation: Grundas ST: Chapter: Wheat: The Crop, in Encyclopedia of Food Sciences and Nutrition. (2003). Elsevier Science Ltd. , 6.130 or..
  7. Jared Diamond. (1997). Guns, Germs and Steel: A short history of everybody for the last 13,000 years. Viking UK Random House ISBN 0-09-930278-0..
  8. a b (Ingelesez) Aziz, Imran; Branchi, Federica; Sanders, David S.. (2015/08). «The rise and fall of gluten!» Proceedings of the Nutrition Society 74 (3): 221–226.  doi:10.1017/S0029665115000038. ISSN 0029-6651. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  9. (Ingelesez) Sands, David C.; Morris, Cindy E.; Dratz, Edward A.; Pilgeram, Alice L.. (2009-11-01). «Elevating optimal human nutrition to a central goal of plant breeding and production of plant-based foods» Plant Science 177 (5): 377–389.  doi:10.1016/j.plantsci.2009.07.011. ISSN 0168-9452. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  10. (Ingelesez) Das, N. R.. (2008-10-01). Wheat Crop Management. Scientific Publishers ISBN 978-93-87741-28-7. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  11. (Ingelesez) Friebe, B.; Qi, L. L.; Nasuda, S.; Zhang, P.; Tuleen, N. A.; Gill, B. S.. (2000-07-01). «Development of a complete set of Triticum aestivum-Aegilops speltoides chromosome addition lines» Theoretical and Applied Genetics 101 (1): 51–58.  doi:10.1007/s001220051448. ISSN 1432-2242. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  12. Hancock, James F.. (2004). Plant Evolution and the Origin of Crop Species. CABI Publishing ISBN 0-85199-685-X..
  13. «27 August 2010 - UK researchers release draft sequence coverage of wheat genome - Media release - BBSRC» web.archive.org 2011-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  14. (Ingelesez) Brenchley, Rachel; Spannagl, Manuel; Pfeifer, Matthias; Barker, Gary L. A.; D’Amore, Rosalinda; Allen, Alexandra M.; McKenzie, Neil; Kramer, Melissa et al.. (2012-11). «Analysis of the bread wheat genome using whole-genome shotgun sequencing» Nature 491 (7426): 705–710.  doi:10.1038/nature11650. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  15. Posner, Elieser S.. (2011). Wheat flour milling. American Association of Cereal Chemists..
  16. Euskaltzaindia. «Orotariko Euskal Hiztegia > galzuri» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  17. «FAOSTAT» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  18. (Ingelesez) Holliday, Paul. (1980-10-30). Fungus Diseases of Tropical Crops. CUP Archive ISBN 978-0-521-22529-8. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  19. «Midwest Biological Control News» web.archive.org 2010-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu