Muskulu zuntzen hausturamuskulu ehunaren lesio mota bat da, muskulu zuntzen urradura dakarren egoera patologikoa. Zuntzen urradura hori partziala edo totala izan daiteke. Zenbait kasutan, muskulu kaltetuaren inguruan dauden odol-hodiak apurtu daitezke beren inguruko ehun konjuntiboa haustean ubeldura eta odoljario lokalei bide emanez. Horrez gain, inguruko balizko nerbio bukaeretan narritadura eragin eta, ondorioz, mina sor dezake.
Oro har gihar zuntzen hausturak uneko min akutu eta bizia eragiten du, normalean hematomarekin batera. Hala ere, kasurik larrienetan hematoma eta hantura oso handia sortzen dira kalteturiko gunea denbora batez paralizatuz eta inguruko muskuluetan kontrakturak sortuz.
Mina oso bizia bada shock egoera bat induzitu dezake zorabio eta izerdi hotzarekin batera.
1.mailakoa: Arina. 8 edo 10 egunen buruan sendatzen da. Zuntzen bat edo beste luzatu edo apurtzen da. Pertsonak ondoez eta hantura arina sufritzen ditu erabateko mugikortasuna mantenduz.
2.mailakoa: Moderatua. 2 edo 3 asteren buruan sendatzen da. Zuntzen edo tendoien neurrizko apurketa da. Kalteturiko eremua ukitzeak mina dakar, hantura dago eta mugikortasuna partzialki galtzen da.
3.mailakoa: Larria. 3 asteren buruan sendatzen da. Muskulua sabeletik, gihar eta tendoiaren arteko lotunetik edo tendoiaren ezarpen gunetik guztiz apurtzen da. Kalteturiko gunea ukitzean nabaria da arazoa, minarekiko aurrekoak baino sentikorragoa da eta gune honen mugikortasuna asko murrizten da.
Tratamendurik ezagunena eta ohikoena PRICE terapia da (ingelesez: protection, rest, ice, compression, elevation). Teknika hori deskantsatzean, izotza jartzean, benda bidezko konpresioan eta kaltetutako gunea altxatuta eta babesean mantentzean datza. Tratamendu horretan, hausturaren larritasunak baldintzatzen du etapa bakoitzaren iraupena.
Larritasunaren araberako sailkapenari jarraituz, honako metodoak aplika ditzake fisioterapiak:
Lehen mailako hausturan
1.-3. egunetan: konpresioa, izotza, mobilizazio aktiboa, kalteturiko gunea altxatuta mantentzea eta entrenamendu isometrikoa (mugimendurik gabekoa) aurrera eramatea dira, batik bat, tratamenduari lagunduko diotenak.
4.-7. egunetan: igerilekuan entrenatu, minik eragin gabe beroketak egin eta potentziazio isotonikoa (muskuluaren uzkurketa eta artikulazioen mugimendukoak) burutu (pisu arinekin hasi eta handiagoekin jarraituz ekintza zentrokidetik eszentrikora).
8. egunean: entrenamendu isozinetikoa, hots, giharra ahalik eta gehien uzkurtzea abiadura konstantean (abiadura angeluar bizkorretatik motelagoetara igaroz ekintza zentrokidetatik eszentrikoetara) eta pliometrikoa burutu, mugimendu azkar eta indartsuekin alegia.
Bigarren mailako hausturan
1.-3. egunetan: konpresioa, izotza, gune kaltetuaren goratzea, minik gabeko mobilizazio aktiboa, muletekin ibili.
4. egunetik aurrera: minik gabeko entrenamendu isometrikoa.
7. egunetik aurrera: entrenamendua igerilekuan, minik gabeko luzapenak, indartze isotonikoa (pisu arinetik astunetara, lehenengo mugimendu kontzentrikoak eta gero eszentrikoak)
2. astetik aurrera: entrenamendu isozinetikoa (abiadura angular azkarretatik moteletara eta mugimendu kontzentrikoetatik eszentrikoetara), entrenamendu pliometrikoa, kiroletako ariketa zehatzak.
Hirugarren mailako hausturan
1.-3.egunetan: konpresioa, izotza, gune kaltetuaren goratzea, makuluekin ibiltzea.
7.egunetik aurrera: minik gabeko mobilizazio aktiboa eta entrenamendu isometrikoa.
2.astetik aurrera: entrenamendua igerilekuan, minik gabeko luzapenak, indartze isotonikoa (pisu arinetik astunetara, lehenengo mugimendu kontzentrikoak eta gero eszentrikoak)
3.astetik aurrera: entrenamendu isozinetikoa (abiadura angular azkarretatik moteletara eta mugimendu kontzentrikoetatik eszentrikoetara), entrenamendu pliometrikoa, kiroletako ariketa zehatzak.
Bikiak zuntz azkarren portzentaia oso handia duenez, haustura pairatzeko arrisku handiagoa du luzapen bortitz edo neurrigabe batek, koordinazio neuromuskular desegokiak edota jarduera fisikoren bat bat batean geldiarazteak eraginda.
Prebentzio neurririk garrantzitsuena bikiaren bi azpimuskuluen eta bere gihar laguntzaileen jarduera propiozeptiboan zentratzea da. Tratamendurako, aldiz, edozein gunetarako erabiltzen den bera da.[1]